KLUBAREN HISTORIA

Ezagutu gure historia

1986an, 1.500 pezetekin eta baloi batekin sortu genuen klub hau; orduan ez genuen pentsatu gaur egun gauden lekura iritsiko ginenik. Egun, DRT Durangoko errealitate soziala izateaz gain, kirol arloko errealitatea da; 250 rugbylari batzen ditu eta huts egiten ez duten 70tik gora jarraitzaile.

Ez da erraza lagundu diguten guztiak gogoan izatea, ezinezkoa uste dut; baina ezin ditugu ahaztu, dena delakoagatik, gaur gurekin ez daudenak.

Zailtasun handiak izan ditugu “Montequemaon” entrenatzen ginenetik gaur egunera; Iurreta edo Extremeñoren zelaian jokatzen genuen Arripausuetako gure zelaira iritsi arte. Gaur egun errealitatea izateaz gain, belar artifiziala duen estatuko lehen errugbi zelai da. Hori guztia ez zen lortuko dirua ateratzeko erreka garbitu eta txosnak ipintzen zituzten “zoro” haiek (gu) ez bagenu temati jardun klub hau aurrera ateratzeko.

Azken urteotan, klubaren errealitatea, egitura eta funtzionamendua asko aldatu dira. Egun, DRT kirolari askori eman diezaioke zerbitzua, 6 urterekin hasi eta senior kategoriara arte; talde mixtoak ditugu eskola bitarteko kategoria guztietan formaziora iritsi arte, hau da, U16 eta U18 kategoriara iritsi arte; gero, lehiaketan ari diren emakume eta gizonen senior kategorietara egin daiteke urratsa.

Klubak behar besteko egitura du eta finantzaziorako lau zutabe nagusi ditu:

Finantzazio propioa, erakundeek emandakoa, babesleek emandakoa eta bazkidetzak; bakoitzak bere pisua dauka, baina beti ere, ahaztu barik klubaren iraunkortasuna bermatzeko medio propioak sortzea dela garrantzitsuena; hartara, DRTk Goienkalen du bere egoitza, eta handik egiten ditu, Rugby tabernatik, herrira begirako ekintzak helburu nagusi birekin: herritarrak inplikatzea eta diru-sarrerak lortzea.

Amaitzeko esan, orrialde honetan sartu bazara, intereseko zerbait aurkitu gura duzulako izan dela, eta hori bada errugbian egin gura duzula, hurbildu zaitez gugana Arripausueta zelaira edo Goienkaleko gure tabernara; kirola, lagunak eta, seguruenik, une on asko eskainiko dizkizuegu.

Eskerrik asko eta ez adiorik!

Presidentea.

XEDEA:

Durango Rugby taldea 1986an sortu zen Durangoko (Bizkaia) errugbi talde amateurra da. Bere egitekoak dira errugbia sustatzea, zabaltzea eta praktikatzea 6 urterekin hasi eta beteranoen kategoriara arte lurralde mailan, herrialdekoan eta estatu mailakoan; sexu, arraza edota erlijio diskriminazio barik, edozeinek jokatu dezake gure taldean. Hartara, funtsezkoa dugu masa sozial zabala izatea eta, horrela, hortik jasotako ekarpena gizartera itzultzeko, ekintza sozialak, kulturalak eta inguruaren onurako bestelakoak eginez.

IKUSPEGIA:

Durango Rugby Taldearen ikuspegia Euskadin erreferentzia izatea da, batez ere, antolakuntza aldetik, ekintzei ikusgarritasuna emateko orduan eta inguruan eragin soziala izateko. Hori guztia, pertsonak eta kirolariak formatzeko helburuarekin eta errugbiari atxikitako balioak oinarritzat hartuta.

BALIOAK:

DRT sortu zeneko xedea lortzeko eta klubaren Ikuspegia egia bilakatzeko, balioak lantzen ditugu, joko zelaian eta kanpoan errugbilari ona zein den definitzen dituztenak. Honakoak dira:

Errespetua, pertsona guztiak aintzat hartzea zelai barruan zein kanpoan; Adiskidetasuna zabaltzea albokoarekin identifikatuz eta talde lana eginez; Konstantziaz lan egitea hartutako konpromisoaz zelai barruan zein kanpoan; Ekitea, ideiak eta hobekuntzak ekartzea antolakuntza zabal batean sartzeko; etengabe Hobetzeko jarrera izatea zelai barruan zen kanpoan; beti Kirolatasunez, gezur barik eta diferentea onartuta, Ongizatea lortzeko, osasuna eta jarrera osasungarriak eraginez, eta besteekiko erabateko Gardentasuna erakutsiz, egiten dugun guztiaren informazio zabala erraz eskuratzeko moduan emanez.

DRTren zuzendaritza martitzenetan batzen da, 21:00etan. Batzarrean, aurreko astean egindakoei bukaera ematen diegu eta hurrengo martitzenera arteko planifikazioa egiten dugu.

DRTk gaur egun duen egiturak koordinazio eta planifikazio onak behar ditu. Martitzenetako batzarretan, batzorde bakoitzak egiten dituen lanen berri ematen da, eta zuzendaritzari berari dagozkion erabakiak hartzen dira.

Halaber, batzarra da zuzendaritzarekin berba egin nahi dutenei harrera egin eta entzuteko gunea. Aldez aurretik hitzordua eskatuz gero, edozein hurbildu daiteke nahi duena azaldu, eskatu edo eskaintzera.

Gai asko izaten ditugu aztertzeko eta betetzeko, beraz, denei aurre egiteko profesionalizatu beharra izan dugu eta klubeko idazkaritzako lanpostua sortu. Langileak funtsezko lana egiten du klubaren atal eta batzorde guztiak lotzeko.

Gaur egungo zuzendaritza honako kideek osatzen dute:

Presidentea: Juan M. Iriondo Aldana “Txapo”

Zuzendariordea: Jose I. Azurmendi “Txusmen”

Zuzendaritza kideak:

Ricardo Aragón “Ricar”

Santiago Alberdi “Santi”

Máximo Mendez “Maxi”

Jon Kepa Goienetxea “Jon”

Aipatutakoek koordinatzen dituzte klubaren batzordeak:

Ekonomia batzordea, Kirol batzordea, Osasun batzordea, Material eta Merchandising batzordea, Batzorde soziala, Komunikazio batzordea, Berdintasun batzordea eta Euskara batzordea.

Zuzendaritza

Jaio ginenean, zuzendaritza kide baten bizilekuaren helbidea erabiltzen genuen. Laster konturatu ginen lokal bat behar genuela, egoitza soziala, eta horrez gain, finantzazio iturria bazen, asko hobeto. Hartara, 1989ko abenduan zabaldu genuen egoitza soziala Goienkaleko 18. zenbakian, aurreko urte bietan txosna moduan erabilitako lokalean, hain zuzen ere. Hor hasi zen abentura, egoitza soziala, biltegia eta taberna zen, Durangon, errugbiari lotutako jarduera guztien erdigunea.

Egoitzak aldaketa asko izan ditu; gaur egun, ostalaritzako erreferente bat da bere inguruan; “DAZT”, Durangoko Alde Zaharreko ostalarien elkarteko kidea da eta abangoardian dago bezeroei eskainitako zenbait produktutan: ardoak, garagardoak, bermuta…, baita bestelako produktu bikainak ere, besteak beste, “gildak” gazta eta hain ezaguna den Pintxo potea.

Baina beti gertatu zaigun legez, bagenekien txiki geldituko zitzaigula eta Goienkaleko 24. zenbakian dagoen lokala erosi genuen, klubaren patrimonio gisa. Erabilera anitzeko lokala izango da, zuzendaritzak asteroko batzarrak erosoago egiteko, taldeak ere euren batzarrak egiteko, formazioa emateko, ekipamenduen biltegia izateko eta beste klub edo federazio batzuei elkargune bat eskaintzeko ere.

Ez dugu kalea galdu nahi, horregatik da guretzako garrantzitsua egoitza kalean bertan izatea, durangarrek ikus gaitzaten senti gaitzaten, eta gugana iritsi eta hurbiltzea erraz-erraza izan dadin. Talde-lehiakideekin hirugarren zati asko egiten ditugu bertan, eta horrek lagundu egiten digu herritarrekin partekatzera errugbiaren alde berezi zein ezagun hori.

Behar bada, Rugby Taberna barik klub hau ez litzateke gaur egun dena izango, baina aurrera goazenez, gauzak aldatuz doaz, harremanak izateko erak ere bai; beraz, DRTk ere behar berrietara egokitu du bere egoitza; laster ikusiko dugu Goienkaleko 24.eneko lokalarekin eman gura dugun jauzia.

Hator gurekin !!!